Euskara

         PRENTSA OHARRA:

Esperantoaren Mundu Kongresua Habanan

 uztailaren 17tik 24ra

 

Munduko hainbat herrialdetako ia mila pertsonek –950 dira orain arte izena emandakoak- parte hartuko dute Habanan uztailaren 17tik 24ra egingo den 95. Esperantoaren Mundu Kongresuan (esperantoz Universala Kongreso –UK-). Aurten kongresu honen gai nagusia “Kulturen arteko hurbilketa” izango da.

Kongresu honen antolatzailea Universala Esperanto Asocio (UEA) -Esperantoaren Mundu Elkartea- da (ikus. www.uea.org). 1909an sortua, urtero antolatu du Mundu Kongresua, bi Mundu Gerren garaian izan ezik. Mundu osoko milaka kidek osatzen dute elkartea. Bere eginkizun nagusiak hauexek dira: Alde batetik esperantisten komunitatea sendotzeko eta zabaltzeko estrategiak zehaztea eta hainbat jarduera martxan jartzea. Beste aldetik, Esperantoaren Akademiaren bidez hizkuntzari buruzko erabakiak hartu eta esperantisten artean ezagutzera ematea. Elkartearen egoitza nagusia Rotterdamen dago.

Munduko hiri ezberdin batean urtero egiten den bilkura hau esperantisten elkarretaratze garrantzitsuena da nazioarteko hizkuntza honetan urterik urte egiten diren ehunka topaketaren artean.(ikus. www.eventoj.hu ).

Lehen esan bezala “Kulturen arteko hurbilketa” izango da kongresuaren gai nagusia eta horren inguruan antolatuko dira hainbat hitzaldi, mahai inguru eta eztabaida. Zazpi eguneko bilkura honen amaieran eztabaiden ondorioak  eta Kongresuaren Ebazpena emango dira ezagutzera.

Gainera, Kongresuaren Unibertsitatean (IKU) arlo ezberdinetako hainbat gai jorratuko dira eta Esperantoaren Akademiak jende aurreko agerpena egingo du.

Bestalde, hainbat  jardueraren inguruan sortu diren elkarte esperantistak Kongresuaz baliatuko dira bilerak egiteko edo euren burua bilkura honen parte hartzaileen aurrean agertzeko.

Kultur jarduerek ere bere garrantzia izango dute. Horrela, Kubako kulturaz (musika, dantza....) gozatu ahal izango dute kongresistek; eta esperantozko abeslariek  eta bestelako kulturgile esperantistek jardungo dute, bai Kongresuan bertan, bai Habanako biztanleen gozamenerako. Halaber, esperantozko idazleek eta musikariek azken urteetako euren liburu edo diskoen aurkezpena egingo dute kongresisten aurrean.

Kubatarrek hutsetik hasita esperantoa ikasi ahal izango dute ikastaro trinkoen bidez, eta mintzapraktika taldeak ere osatuko dira nazioarteko hizkuntza honetan euren maila hobetu nahi duten kongresistentzat.

Aisialdirako programa osatzeko aukera izango dute Kongresuaren parte hartzaileek egun erdiko edo egun osoko txangoez gozatzeko.

 

 

Sarean informazio gehiago:

-                    Googlen euskaraz esperantoari buruzko informazio orokorra eta  Euskal                         Herriko mugimendu esperantistari buruzko argibideak  aurki daitezke.

-                    Esperantoaren Mundu Kongresuari buruzko informazioa hainbat                         hizkuntzatan:   http://www.gazetaro.co.nr/

 

          Harremanetarako eta informazio gehiago jaso nahi izanez gero:

            Xabier Rico: xabirico@euskaltel.net